MUSIKA TRESNAK



ALBOKA:


Alboka euskal musika tresna tradizionala da, klarinete bikoitza dena. Izena arabiatik omen dator: al-bûq (البوق). Haize instrumentua da.




DANBOLIN:

Danbolina perkusiozko musika tresna menbranofonoa da, Euskal Herrian tradizionalki oso hedatua. Txistua laguntzeko erabili ohi da, erritmoa markatzen. Txistulariak ezkerreko eskuinaz txistua jotzen duen bitartean, eskuineko eskuaz danbolina jotzen du melodiaren erritmoa markatzeko. Atabalarekin aldea nabaria da, altuagoa eta estuagoa baita; halere adabakiak eta tentsore-sistema bera ditu. Joleak "danboliterua" izena hartzen du.





DANBOR:

Danbor edo atabala perkusiozko tresna menbranofono arrunta da. Hainbat kultur ekitalditan erabiltzen da, bai eta beste mota batzuetakoetan ere, armadaren desfileetan adibidez.

Hainbatetan, gaita nafarrari laguntzen dio. Danbolinak eta atabalak bezala gorputza du, baina egurrezkoa izan ordez, danborra letoizkoa da. Neurriak danbolinaren antzekoak dira. Danborraren larruak axoren azalezkoak izaten dira eta soinu ederra ateratzeko hobe da tenkaturik edukitzea. Pordoiak lau izaten dira eta metalezkoak, gitarraren sokak erabiltzen dira. Danbor-joleak bi makilatxo erabiltzen ditu, danbolinarenak baino lodixeagoak.








DULTZAINA:


Gorputz konikoko eta mihi bikoitzeko haizezko musika tresna da. Zazpi zulo ditu, sei goialdean eta bat behealdean. Klarinetearen familiakotzat har daiteke, baina zaharragoa da, baita zorrotzagoa ere soinuaren aldetik. Batzuetan metalezko uztai zabalak daramatza, instrumentua inguratuz. Mihizkak (fitak) kanaberaz egiten dira. Lehen, dultzainero bakoitzak bereak egiten zituen; gaur egun, eginda saltzen dituzte. Ohikoa da atabalak lagunduta jotzea. Gutxienez beste bi izen ere baditu: bolin-gozo eta Nafarroako gaita. Gaita bi fitako tresna da, artzain oboe bat, kornamusa oin baten antzeko egitura morfologikoa duena.
Errepertorio, batez ere, Mediterraneo aldekoa da: jotaz, boleraz, eta gazteen arteko makil, ezpata eta beste zenbait eratako dantzaz osatutako errepertorioa du, hala Araban, nola Erribera eta Pirinio aldeetako (Otxagabiko dantzak) Nafarroako partean.
Euskal Herrian, izan ere, dultzaina oso musika tresna garrantzitsua da Nafarroan eta Araban. Gipuzkoan eta Bizkaian ere erabiltzen da, neurri txikiagoan eta beste izaera batekin. Gainera, Zuberoan bada txanbela izeneko dultzaina txiki bat.
Orkestra bi dultzainak eta erredoblante batek osatzen dute, eta talde guztietan agertzen da perkusionista bereziki trebe baten gisara.
Baserri girokoa denez, belarriz jo ohi zen XX. mendearen bukaeralderaino; hau da, partiturarik gabe ikasten zuten jotzen. Ezkontzetan, inauterietan, erromerietan eta herrietako —eskuarki, herri txikietako— jaietan entzuten da. Gaur egun, XX. mendean baino askoz gutxiago izaten dira dultzaina joaldiak.





PANDERO:


Panderoa perkusiozko musika tresna membranofonoa da, esku eta atzamarrekin jotzen dena.




TRIKITIA:


Trikitia (zenbait euskalkitan, trikitixa), eskusoinu txikia edo soinu txikia, botoidun akordeoi diatonikoa da, italiar jatorrikoa. Euskal Herrian XIX. mendetik erabiltzen den haizezko instrumentua da. Europan eta Ameriketan ere ezaguna da, aldaera askorekin.
Gehienetan pandero batekin jotzen da, hau da, pandero-jotzaile bat lagun izanik. Berez, tresnarentzat baino areago, bikote horrek sortzen duen musika motari esateko erabili da trikiti izen onomatopeikoa. Euskal Herriko erromerietan jotzen den musika tresna da.



Fitxategi:2006-11-30 SanAndres 6699.jpg



TXALAPARTA:


Txalaparta perkusiozko euskal musika tresna da. Bi euskarriren gainean jarritako zurezko ohol horizontalek osatzen dute. Egur erabilienak haltza, gaztainondoa eta lizarra izan dira. Txalaparta lau makilez jotzen da, txalapartari bakoitzak bi makil dituela. Tradizioaren arabera, jole bat "ttakuna" ("tukutuna" edo "bia") eta bestea "herrena" ("urguna", "pikatzailea" edo "bata"). Lehenengoak oreka edo ordena ezartzen du bigarrenak desoreka sortzen duen bitartean.
Txalaparta zahar gehienek ez zuten bi edo hiru ohol baino gehiago izaten, baina egun dozena bat oholez osatutako txalaparta afinatuak ere aurki daitezke, eta horiei esker doinuak eta akordeak jo daitezke.